Bizkaiko lurretan Marijesiak, Abenduak, Kebonikuak…

Gernikan tradizino handikoa da Marijesiena. Bizkaiko beste leku batzuetan be badira halako ohiturak, baina bederatziurren osokoak Gernikan, Ean eta Gautegiz Arteagan baino ez dabe iraun. Beste leku batzuetan egun batekoa egiten da, eta batzuetan beste kantu batzuekaz batera (Abendu poza, Olentzero, Hator hator…) erdi nahastean. Ohitura hau antza danez, lehenago zabalagoa zan baina gaur egun inguru estuago batean betetan da: Busturia, Mendata, Ibarrangelu, Muxika-Ariatza, Ibarruri, Gorozika, Lekeitio, Iurreta, Abadiño-Mendiola,…, eta beste batzuetan akorduan dago asko ez dala kantetan zala (Ajangiz, Arratzu, Forua, Ereño, Nabarniz, Errigoiti, Munitibar, Aulesti, Markina…), eta besteetan segurutik be egingo zala baina ahaztu be bai. Tradizinoari izena emoterakoan holakoak hartzen dauz ohitura honek: Marijesiak, Marijosiak, Abendu neska-mutilak, Kebonikuak, Abendu Santua, Abenduak, …

Koplen berbetan bateratasun gehiago badago (akaso Gaubekaren edizinoaren eraginez), eta desbardintasunik handiena musika arloan ikusi leiteke. Nonbaiten melodia antxinean zabaldu zan eta euren herrietan Gabonaurrean bakarrik kantetakoa zanez, melodia erdi isolaturik edo bakandurik geratu zan. Horren ondoan urteak joan urteak etorri jite edo era propioa hartu eban: halan lekuan lekuko bilakaera sortu be egin zan, urteetara benetako aldaera bihurtu zana. Baina guztiak batez be oinarri harmonikoetan jatorri batekoak dirala esan leiteke.

Zelan kantetan dan

Melodiak be ez dira leku guztietan hirurak egiten: Maria-Jose dakarrena da zabalena danean. Eta kantetako eran bakarlariak eginda eta koruak erantzunda, edo dan-dana koruak kantetan dauela, zer-non gura! Leku askotan makila eta guzti kantetan da erritmoa indartzeko, akordeoia, soinu txikia, panderoa edo txistua erabilten ez bada. Ahots bakarra gehienetan edo beheko bigarren ahotsaren horniduraz egiten da. Gernikan (Lekeition be apur bat) izan ezik ez da beste inon ad libitum kantetan.

Bizkaiko Marijesiak eta Abenduak izeneko ekitaldi bateratua egiten da urte bakotxean leku baten tradizinoari (oso-osoan edo ez horrenbeste baina) eusten deutsen herrietako taldeak alkar ikusteko eta talde guztien jarduerea entzuteko. 2008an egin zan lehena Ean eta harrezkero Gernikan egin da bi bider (2011 eta 2018). Alkarren arteko ondare-aldaera aberatsa entzuteko eta jabetzeko leku ederra izaten da. Holakorik izan ezean, gatxa da beste taldeena ezagutzea danak aldi berean ibilten diralako kantari.