Marijesien historian gernikar askoren historia pertsonala daukagu. Historiaren harian partaideak izan diranak esango leukie batez be tradizinoa mantenidutearren egin dabela. Horixe da behar bada akulurik handiena, urterik urte, menderik mende kantari asko kalera atara dabezana.

Kate luze horretan katebegi antzean talde txiki-handiak daukaguz, belaunaldiz belaunaldi trasmisinoa gorde izan dabenak, eta holantxik iraun dabe marijesiak gaur arte: gernikarron estimazinoa, identidade kontua, andrazkoen integrazinoaren era modelikoa, zentzu erlijiosoaren gorabehera,familien arteko gordailuak, emozinoak, antxinako tradizinoa dala eta beste asko dira saltsa horren osagaiak.

Bakarlariak beti izan dira marijesien arteko buruzagiak: hasieran talde txikietan Auzotxu, Estebanillo, Meaza, Oar; gero eta talde handiagoetan beste asko Senz, Ennio, Javisanto, Arana, Itxaso, Candina, Egia, Udaondo, Arbe, Ortuzar, Erdaide, Azkarate, Pintxo, Astoreka, Olano, Aldamizetxebarria (gero, egun edo ekinaldi batekoak baietz gehiago izan); XXI. mendean, Iñaki Gonzalez lehenago, eta azkenak Ane Miren Arejita 2018an (lehen neska), eta Alex Uriarte 2019an kantetan hasi dana.

Bakarlaria taldearen aurretik ibili baino zeozer gehiago be egiten dau: agintari antzean taldearen eta jarduerearen arduraduna da.

Artxiboaren barruko argazkietan erraz ikusten da txandakatze hori zelan jazo dan. Zuri-baltzetik kolore guztietara pasau gara, eta tartean andrazkoak parte-hartze handia ikusi leiteke. Mila de Obieta hasi zanetik – 1965 inguruan- beste asko ibili dira marijesietan gaur egun andrak eta gizonak erdiz erdi izan arte. Katebegiak: Florita Sardui, Rosa Artola, Pili Totorika, Evita Bidaguren, Anabel Ispizua, Maitena Olabarriaga, Belen Bartolome, Merce Fernandez,… eta beste asko be asko.

Ikuspegi antropologikoaren arabera,1970etik aurrera astiro-astiro biziberritu egiten da tradizino hau: Dani Rementeria antropologoak esaten dauen moduan, Marijesiak erritu bat da –ekintza formalizatua-errepikakorra eta estereotipatua- baina aldatzen joan dana eten barik: bai formetan, esaterako espazioen erabileran, kopletan, parte-hartzaileen aldetik adinak, andrazkoak partaide; bai esanahietan, esaterako sekularizazinoaren ondoriozko motibazinoen aldaketak, erritua tradizioa bihurtu. Jentea, azken batean, tradizinoa mantenidutearren joaten da kantetan. Paradoxa emoten badau be, aldaketa eta egokitzapen horreei esker bizirik irauten dau. Dana dala, marijesiak manteniduten daben egitura zehatz jakin horrek emoten deutso permanentzia eta pertenentzia-sentimentuak sortzeko gaitasuna, eta identidadea sortzekoa be bai, izan be gure komunitatearen iraupenaren sinbolo bihurtu dogu: gernikartasunaren sinboloa, Humberto Unzuetaren esanetan.

Zein da marijesien jatorria?

Orain arte dagoen dokumentazinoaren arabera, egia da Lezamizek 1699an argitaratutako kopletatik eta XIX. mende akabura arte ez dagoala beste dokumentazinorik. Bada zulo handia be handia. Ez dakigu urte horreetan zer dan gure marijesiena, ez dogulako orain arte inolako lekukotasunik aurkitu. Beste alde batetik badira beste “Gabon kanta” batzuk (Gandararena eta beste) baina ez daukie zer ikusirik gure marijesiekaz, ez bada gabon- sasoikoak dirala danak. Gabon kanta “eruditoak” esaten jake ( eta marijesiak, herrikoiak).

Dana dala, orain arte jatorria argitzeko sortu diran hipotesien artean bi dira nagusi (eta batak ez dau bestea kentzen):

Jose Antonio Arana Martija aditua ikerketarik eta gaur-gaurkoz artxiborik ederrenaren jabearen arabera, gure marijesiak Erdi Aroko Antzerkiaren haritik etorriko litzatekez, eta zehatzago esateko hurrengo mendeetan garatzen dan antzerki erlijiosotik: lehenago eleizearen barruan egiten zan antzerkia, eta gerora Eleizearen debekuen eraginez, eleizatik kanpora egiten hasi ziran. Bere ustez, marijesien jardueran badira oso teatralak diran elementuak: historia kontatzen da, melodien arabera historia-zati osagarriak diranak (1-Mundua sortu-Jesusen jaiotza, 2- Jaiotza eta Erregeen historia, eta 3-Artzainen bisita eta poza); eta batera hiru melodia dira (antxinako hiru akto edo arauen antzera), bederatziurrenean banatuta (1-4, 5-8, 9); bakarlaria aurretik doa, marijesien antzezpen antzera; ibilbidea beti hasiera-amaiera berekoa, leku batzuetan belauniko, besteetan ibilian; errondaren iraupena 90’, beti bat.

Dana dala, jatorria dala-eta, 1699an dokumentetan dira lehenengoz eta XIX. mendearen amaierara arte ez dago beste lekukorik. Eta izan leiteke XIX. mendean, lehenagoko testu bat (Lezamiz-Mexikokoa edo antzeko besteren bat) oinarritzat hartuta bertsogileren batek kopla zerrenda osoagoa egitea Bizkaiko lurretan zabaldu zana. Ez daukagu beste datu zehatzagorik baina egia da XIX. mendetik aurrera hasten dala, zeozelan esateko, marijesien gorakadea eta zabalkundea. Egileak nortzuk??? Zabaltzaileak nortzuk??? Batzuk eta besteak, eleizearen ingurutik kokatu beharko litzatekez: abadeak edo fraideak (frantziskotarrak), euren mendeko parrokietan edo herri-misinoetan beste herrietara joanda be bardin-bardin. Manuel Lekuonak dino Marijesiena Gabon kanta herrikoia dala eta kantatzeko ohitura hau Eleizatik sortu zala nonbait. Komenturen batetik nonbait. Eta horretan dino frantziskotarrak eta zehatzago Bermeoko Fraidetegi Frantziskotarretik “sortua ere ote dan degu guk susmo”. Eleiz-usainekoa: lehengo Gabon-ohitura ederra ederragotu eben. Gauza da segurutik XIX. mendean koplak eta euren doinuak zabaldu eta euren herrietan isolatuta moduan manteniduten dirala, lekuan lekuko aldaera (gaur Bizkaiko marijesiak-abenduak deitutakoak) sortu arte, letretan ez hainbeste, baina musika arloan benetako aldaerak sortu arte. Esaterako 1898an Lekeitioko aldaerea finkatuta dago eta urte gitxitara (Sebero Altubek jasotakoa) Gernikakoa be bai (horretarako urteak behar dira, belaunaldi bi edo hiru). Aldaera batzuk egonkortu egin ziran eta aurrera egin eben, beste batzuk, barriz, galdu, ahaztu edo batek daki zer.

Jakina da XIX. mende osoan eleizak gorabehera eta estutasun handiak pasau ebazala. Eleizbarrutiko abadeak berez asko ziran eta gero ordenetako fraideak be baziran inguru berean: frantziskotarren artean esklaustrazinoak egin behar izan ebezan, eta halakoetan batzuk euren herrietara (familia artera ez bada) bueltetan ziran, eta beste batzuk beste abadeen artera joaten ziran, eleibarrutiko parrokietan lekua hartuta.

Fraideen berkokatze hori eta herrietan egiten ziran herri-misinoak mugikortasun handia dakarre eleizearen mundura. Hor bada hipotesia. Busturialdeko lurretan Forun eta Bermeon baziran frantziskotarren komentuak abadeen formakuntzea eta misinoen trebakuntzearen ardurea hartu ebenak. Eta ganera Bermeokoan batez be euskeraz jarduteko ardura berezia be baegoan misinoei begira. Horren bidez egon leiteke bertsogileren batek ondutako kopla-bilduma bitxia zabaltzeko erea. Halako misinoetan, ganera ohikoa izaten zan bertsoren bat prestatzea apropos azken egunean-edo, ofizioren batean (prozesinoan, esaterako) kantetako, eta herriaren modu parte-hartzailea leloaren errepikapena izaten zan (horrelako bertso-paper asko Zavalak batutakoak dira, baina berak argitaratutakoen artean zoritxarrez marijesien modukorik, bat bera be ez dogu topau). Abendualdia eleizarentzat aldi garrantzitsua da eta fedea indartzeko baliabide desberdinak erabiltea ezinbestekotzat ikusten da. Orain eta beti.

Dana dala, gure kasuan, jatorria argi ez dagoan arren, garrantzitsuena da Marijesiak bizirik dagozala XXI. mendean, eta ondo bizirik, jakina. Ahozko literaturaren barruan herri-herrian kokatu beharreko emoitza da. Tradizinozkoa be bada. Eta balada erlijiosoen artean kokatzekoa oraingoz dudan dagoana. Gaur arte Bizkaian bizirik iraun dabe. Eta gernikarrok ondo estimeta, ganera!